0

M-Lehiaketa 2016: ekitaldi nagusia udaletxeko batzar aretoan

Posted by udaleuskaltegia on 2016/03/09 in Sailkatugabeak |

Atzo, martxoak 8, Nazioarteko Emakumearen eguna dela eta, M-Lehiaketako ekitaldi nagusia izan genuen udaletxeko batzar aretoan.

Alde batetik, sariak banatu genituen, eta, horretarako, Irma Arnaiz zinegotzia izan genuen gurekin. Bi saridun izan dira, Fatima Tubia udal euskaltegiko ikaslea eta Maite Fresnillo herritarra (bidaia batean izanik, etortzea ezinezkoa izan zuena) . Bestetik, gure lehiaketarako aurten diseinu eta arte esparrua aukeratu dugunez, ipuin ilustratzaile bat ekarri genuen ekitaldira, Maite Gurrutxaga, hain zuzen. Maite Gurrutxaga Amezketan jaioa da eta ilustrazio munduan bete-betean ari da lanean, batzuetan bere proiektu propioak eginez, eta, beste hainbatetan, idazle ezagunekin batera. Saridunei Maite Gurrutxagak egin eta sinatutako ilustrazio bana eman zitzaien.

Maite Gurrutxagak bere lan prozesuaz hitz egin zigun, erabiltzen dituen teknikez eta materialez, etab. Bestalde, gaurko eguna kontuan hartuta, Euskal Herrian une honetan lanean ari diren emakume ilustratzaileen berri ere eman zigun, eta ez zen zerrenda makala izan!

Azkenik, kafea eta pastak hartuz amaiera eman genion ekitaldiari.

Lehiaketako protagonistak diseinu eta arte esparruko Euskal Herriko emakumeak izan dira, eta bost egunetan zehar lehiaketako parte hartzaileek beren izenak asmatu behar izan dituzte hiruna pista jarraituz:

  1. Galdera: Maialen Olano, moda diseinatzailea.
  2. Galdera: Pott zeramika taldeko Maite Salutregi eta Jone Urain
  3. Galdera: Maider Urretabizkaia margolaria
  4. Galdera: Gema Arrugaeta argazkilaria
  5. Galdera: Maite Gurrutxaga ilustratzailea

Eskerrik asko parte hartu duzuen guztioi eta eskerrak ere udaleko sail desberdinetatik laguntza eman diguzuen guztioi. Hurrengo urtera arte!!!

Maite_Gurrutxaga_1

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

Copyright © 2012-2020 Beasaingo Udal Euskaltegia All rights reserved.
This site is using the Desk Mess Mirrored theme, v2.5, from BuyNowShop.com.