0

Bost minutuko ikastaroa! Beasaingo Udal Euskaltegiarekin

Posted by udaleuskaltegia on 2015/10/08 in Sailkatugabeak |
 

Erlojua

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailari esker, egunero euskara gaitasuna hobetzeko hainbat aholku, iradokizun, bitxikeria,…  jasotzeko aukera dugu.

 

BOST MINUTUKO IKASTAROA! du izena eguneroko buletin honek eta helburua egunean bost minutuz, erabiltzen dugun hizkuntzaren gainean erreparatzea da.

 

Hona hemen gaurko buletina:

 

GRAMATIKA

 

ERABILERA OKERRAK II

 

Litro bat esne ala esne litro bat?

 

Lehenengo, neurria jartzen da; gero materialaren izena:

 

Kilo bat patata

Bost litro esne

Ipini kilo erdiko txuleta!

 

Bi metro luze da ala bi metro neurtzen ditu?

 

Lehenengo moldea hobetsi du Euskaltzaindiak. Beraz, neurtu aditza saihestea komeni da.

 

Soka hori bost  metro luze da / Soka horrek bost metroko luzera dauka /  Soka horrek bost metro neurtzen ditu.

 

Hiru metro zabal da kamioia / Hiru metroko zabalera dauka kamioak / Kamioak hiru metro neurtzen ditu zabalean.

 

Baso bat ur ala ur baso bat?

 

Baso bat ur = edukiaz, uraz ari gara (ura)

Ur-baso bat = ontziaz ari gara (basoa) Gidoiak laguntzen digu ulertzen basoaz ari garela

Hiru zaku patata = edukiaz, patataz ari gara

Hiru patata-zaku = ontziaz, zakuaz ari gara . Gidoiak laguntzen digu ulertzen zakuaz ari garela.

 

 

 

 

PASARTEA

 

Denborak ez du beti neurri bera izaten. Izan badira asteak, izan badira hilabeteak, izan badira urteak, baina denborak askotan beste forma batzuk hartzen ditu. Preso dagoenak, esate baterako, gutunak jasotzeko orduaren arabera banatzen du eguna, astea bisiten arabera eta hilabetea vis a vis-en arabera.

 

Denborak ez du beti neurri bera izaten. Erretiroan Cadizera bidaia egin du gizon batek. Ceutan soldaduska bukatu zuenean itsasarte txalupa batean zeharkatu zuen. Berrogeita bost urte beranduago bidaia bera egitea otu zaio baina Afrikarako norabidean. Txartelak zulatzen gizon edadetu bat dago. Ilarara hurbildu denean konturatu da berrogeita bost urte lehenago soldaduskatik bueltan txartela zulatu zion pertsona berak zulatu diola oraingoan ere txartela. Esaldi bera esan du, grazia bera egin. “Emakumeak eta umeak lehendabizi”. Une batean, berrogeita bost urte horiek desagertu egin dira erretiratuaren buruan.

Badira bestelako denbora neurriak eta goiz batean ohetik jaiki eta bat-batean konturatzen gara egun bat ez, hamar urte igaro direla eta ez dugula, bart bezala bizitza osoa aurretik ikusten. Gertakariek hesiak jartzen dizkiete igarotako egunei, oroitzapen latz bilakatuko diren gertakari horiek. Orduantxe konturatzen gara gure bizitzako garai jakin bat bukatu egin dela halabeharrez.

 

Bar Puerto

 

https://www.youtube.com/watch?v=xfOZaeSSoR0

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

*

Copyright © 2012-2018 Beasaingo Udal Euskaltegia All rights reserved.
This site is using the Desk Mess Mirrored theme, v2.5, from BuyNowShop.com.