0

2015-2016 ikasturtearen irekiera ofiziala

Posted by udaleuskaltegia on 2015/09/14 in Sailkatugabeak |

Irailaren 11n, ostiralean, 2015-2016 ikasturtearen irekiera ofiziala izan zen Bilbon. Udal Euskaltegion izenean, honako hitz hauek esan zituen M. Paz Martinek:

“Udal Euskaltegiok, euskaltegi publikoak garen aldetik, funtsezko eginkizuna betetzen dugu kokatuta gauden herri guztietan. Izan ere, gure udaletako euskara planetako ildo eta helburuen zerbitzuan aritzen gara.

Gure jarduera horretan, euskara dugu oinarri eta lokarri. Euskara da gure komunikazio tresna eta lan tresna, eta herritarrena ere izan dadin ahalegintzen gara, bete-betean, euskaraz komunikatzeak herritarren arteko lotura sendotzen duela ziur baikaude. Hortik aurtengo gure publizitate-leloa: EUSKARAK BATZEN GAITU / EL EUSKERA NOS UNE.

Hizkuntza bera partekatzeak, sendotasuna eskaintzen digu, komunitate bizi bihurtzen gaitu eta bizikidetzan laguntzen du: euskaraz elkar agurtzeak, erosketak egiteak, kirola egiteak, prentsa irakurtzeak edota irratia entzuteak … euskaraz “eskerrik asko” edo “maite zaitut” esateak… euskaraz facebook, twitter, blogetan eta abarretan komunikatzeak… euskaraz haur eta gazteekin, heldu eta aitona-amonekin hitz egiteak eta haiekin gozatzeak… euskaraz jaietan eta une serioetan… euskaraz euskaldunekin bai jakina, baina, baita senegaldar, hego-amerikar, errumaniar edota estatutik hurbiltzen zaizkigun herritarrekin ere hitz egiteak.

EUSKARAK, gure hizkuntzak, hain berezia den hizkuntza horrek, beste hizkuntzak bezain erraza edo zaila den horrek, hain hitz, esamolde eta soinu bereziak dituen horrek, BATU EGITEN GAITU, eta, helburu hori lortzeko ahaleginetan jarraituko dugu, eta gure baliabideak eta gogoa horretara jarriko, aurten ere, EAEko udal euskaltegi guztiok, herritar guztion zerbitzuan.”

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Copyright © 2012-2018 Beasaingo Udal Euskaltegia All rights reserved.
This site is using the Desk Mess Mirrored theme, v2.5, from BuyNowShop.com.