1

GAUR BEASAINGO IGARTZA JAUREGIAN UDAL EUSKALTEGIETAKO 2013-2014 IKASTURTEAREN HASIERA EKITALDIA IZAN DA.

Posted by udaleuskaltegia on 2013/09/20 in Sailkatugabeak |

   Ekitaldiaren aurretik, goizeko 10:00etan, Igartza multzoaren bisita gidatua izan da, Juantxo Agirreren gidaritzapean. Benetan polita izan da bisita, eta Juantxo Agirrek datu eta xehetasun ugari eskaini dizkigu.
   11:00etan Ekitaldi Ofizialari eman zaio hasiera. Gure artean, honako hauek izan ditugu: Koldo Agirre, Beasaingo alkatea; Zigor Etxeburua, Foru Aldundiko Euskara Zuzendaria; Joseba Erkizia, HABEko zuzendari nagusia; Aitor Larburu, Beasaingo Udal Euskaltegiko Lehendakaria; Garbiñe Zurutuza, Beasaingo Kultura eta Euskarako zinegotzia; Karmele Aierbe eta Josu Larrea, BILDUko ordezkariak; Boris Nogales, Lasarteko zinegotzia eta EUDELeko ordezkaria: Bizkai eta Gipuzkoako hainbat zinegotzi eta udal euskaltegietako zuzendari ugari. Horiez gain, Goierriko AEKko ordezkari bat, MAIZPIDE euskaltegiko zuzendaria, Nafarroako Zu2arte Euskaltegiko zuze…ndari eta idazkaria, eta, bukatzeko, irakasleak, ikasleak eta herritar soilak.
   Beasaingo alkateak ongi etorria eman die bertaratu direnei eta Beasaingo euskararen udal politikan txertatu du gaurko ekitaldia, euskaltegien eta, horien artean, udal euskaltegiaren zerbitzuaren beharra azpimarratuz, herrian euskararen ezagutza eta erabilerari bultzada ematearren.
   Zigor Etxeburuak, berriz, 2013-2014 ikasturteko publizitateko leloa azpimarratu du, EMAIOZU EUSKARARI!, euskarari denbora eta ahalegina emanez gero, euskarak ere asko eskaintzen duela esanez, eta, zenbat eta ikasle eta hiztun gehiago izan, esparru zabalagoa sortuko dela euskararentzat.
   Joseba Erkiziak hainbat datu interesgarri eskaini ditu, itxi berri den 2012-2013 ikasturteari buruz. Aipatzekoa da iazko ikastaroan 32.330 ikasle heldu aritu ziren EAEko euskaltegietan euskara ikasten, eta ikasle horiek egindako ahalegina goraipatu du. Ikasleen adinaren batez bestekoa 38 urtekoa izan zen. Gaur egun 35 urtetik gorako EAEko biztanle elebakarren (erdaldunen) proportzioa 3tik 1ekoa dela, eta duela 30 urte 5etik 1ekoa zela. Datu horiek aipatzeaz gain, Igartzako jauregiaren bisita bereziki eskertu du, oso interesgarritzat jo baitu.
   Ondoren, Beasaingo Udal Euskaltegiko zuzendaria den M. Paz Martinek, udal euskaltegi guztien izenean, 2013-2014 ikasturteko kanpainaren irudia eta leloaren esanahiari buruzkoa azalpenak eman ditu, eta, udal zerbitzua izanda, udal euskaltegien jarduna herritarrengandik hurbil kokatu behar dela, herritarren eskaerari erantzunez eta euskararen mundura erakarriz. Bukatzeko, herritarrak gonbidatu ditu euskarari merezi duen denbora eta ahalegina eman, eta, euskara bereganatu ahala, gozatu eta dibertitzeko.
   Amaieran, bertaratu direnak argazki kameraren aurrean jarri dira, ekitaldiaren oroigarri, eta mokadutxoa eskaini zaie.

   P1010342  P1010353   Flierraren irudia

1 Comment

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Copyright © 2012-2018 Beasaingo Udal Euskaltegia All rights reserved.
This site is using the Desk Mess Mirrored theme, v2.5, from BuyNowShop.com.