0

Foru Aldundiko Euskarako zuzendariaren mezua Oroimenaren Liburuan

Posted by udaleuskaltegia on 2012/07/20 in Sailkatugabeak |

Gaur Foru Aldundiko Euskarako zuzendaria den Zigor Etxeburuaren mezu bat jaso dugu gure Oroimenaren Libururako. Hona hemen mezua:

“Euskara eta Euskal Herria erabat lotutako errealitateak dira. Euskara da Euskal Herriaren berezko hizkuntza, Euskal Herria euskararen herria da eta euskalduna euskara duen gizakia da. Baina euskara hizkuntza gutxiagotua da bere lurraldean, Espainia eta Frantziako estatuek ez digutelako euskaraz bizitzen uzten, oraindik ere. Edonola ere, herritarron borondateak ekarri du euskara XXI. mendera, belaunaldiz belaunaldi, handi-txiki logikak aspaldi desagertua behar zuela esango lukeen arren. 

Zeuek, herritarrok, izan zarete hizkuntza-normalizazioan egindako aurrerapausoen protagonista nagusiak. Hamarkadetan, itzelezko lan antolatua egin du euskal jendarteak herri gogoa eragin, egiturak sortu eta ekimenak abiatzen, euskaraz bizitzera iristeko. Horien artean azpimarragarriak dira helduen euskalduntzea helburu duten gau-eskolak, barnetegiak eta euskaltegiak.

Euskararen berreskurapenerako nahitaezkoa da gure hizkuntza ezagutzen duten herritar kopurua nabarmen handitzea. Asko izan zarete, etxean edo eskolan euskara jaso ez eta euskaltegira jo behar izan duzuenak, lanetik aterata, baita desordutan ere, euskara ikastera, bare edo bizkor, ahalegin miresgarrian. Zeuek egin duzue euskararen aldeko apustua, euskara ikasiz eta erabiliz. Euskara bizitzeko modurik zuzenena, eraginkorrena, biziena euskaraz bizitzea baita, aldez edo moldez, baina euskaraz. Zuekin batera, ezin ahaztu, ahalik eta euskal hiztun kopururik handiena lortu asmoz, irakasle lanetan aritu diren ehunka (milaka?) euskal herritarrak, urtetan, beren denbora eta indarrak eskainiz. Emaitza bikaina izan da, milaka euskal herritarrek euskara ikastea lortu izana. Jakina, oraindik bada lana franko.

Zalantzarik ez dugu, Helduen Euskalduntzeak orain arte erakutsi duen kemen eta gogoa aurrerantzean ere hortxe izango ditugula. Saiatuz lortuko dugu beste 25 urte baino lehen euskaltegien beharrik ez izatea (ez behintzat egungo neurrian), eta normalizazio politikoarekin batera, haren besotik hizkuntza-normalizazioa ekartzea. Milaka euskal herritarrok egin dugu hautu hori, abian gara.

Zorionak egindako lanarengatik!”

 

Zigor Etxeburua Urbizu

 

Euskarako zuzendari nagusia

 

 

 

 

 

 

 

 

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

*

Copyright © 2012-2018 Beasaingo Udal Euskaltegia All rights reserved.
This site is using the Desk Mess Mirrored theme, v2.5, from BuyNowShop.com.